XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Usapal batzuk haritz batean zeuden, Sebastianen gordelekutik gertu.

- Ospa, txoriok! -esan zuen Sebastianek maltzurkeriaz. Hemen kristorena eratuko da!

Arbola bultzatu eta lurreratu egin zuen. Orduko hartan ez zen inor hurbildu, basoa hustu egin zuten eta.

Orduan, poz-pozik, Sebastian inguruko arbola guztiak bertan behera botatzen hasi zen. Hogei bat lurreratu zituen.

Halako batean gelditu egin zen: Usapal bat hegaz zebilen nahastutako adar pilo baten gainetik.

Adarren azpian, lurrean, jausitako habia zegoen, eta txorikume biluzi bat dardaraka ageri zen belartzan.

Hotzak ilik zegoen. Guztiz zabaltzen zuen bere moko txikitxoa, baina begiak itxita zeuzkan.

Sebastian berehala konturatu zen usapal ama ezin zela kumeagana hurreratu, adarren arteko nahaspilarengatik.

Euron artean sartu zen, txorikumea esku artean hartu eta adar-multzotik kanpo utzi zuen, goroldio gainean.

- Hartu! esan zion urrundutako usapal amari. Etorri kumearen bila!

Baina usapala ez zen gerturatu. Hegaz urrundu eta arbola batean pausatu zen, handik hogeita hamar metrora.

- Itzuli! Itzuli! -deitu zion Sebastianek.